Back

Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola. 75 urte hamaika istorio

Jokin Kamiruaga
Begoñazpiko irakaslea
BAMeko ikasle ohia

Lehenengo hitzak Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola komunitatea osatzen daben eta inoiz osatu izan dogun zuzendari, irakasle, ikasle, langile eta abarrei zoriontzeko dira. 75 urte honeetan hamaika istorio bizi izan dira Eskoleak izan dauazan kokapen ezbardinetan. BAM unibertsitate-eskolea danetik milaka ikasle igaro gara, gerora, Bizkaiko eta beste hainbat tokiko ikastola eta ikastetxeetan maisu eta andereño lanetan ibili garanok. Gure eskuetatik Haur eta Lehen Hezkuntzako milaka eta milaka ume pasa dira. 75 urte, hamaika istorio.

Hamarkada bat baino gehiago igaro da Unibertsitate Eskolan lehenengo aldiz sartu nintzala. Oraindik gogoan daukat unibertsitateko lehenengo egunetako urduritasuna, Bizkaiko bazter ezbardinetako lagun barriak, lehenengo ikasgaiak eta eskolak, irakasleak, etab. Lau urtez, hamaika istorio bizi izan nebazan: lehenengo ikerketa lanak, liburutegian egindako talde-lanak, kafetegian igarotako uneak, patioan burutzen genduzan saio praktikoak, etab. Eskolan ikasi neban ume baten bizitzan izugarrizko eragina izan daikegula, eta gure eguneroko lanean etorkizuna eraikitzen ari garala une oro.

Unibertsitatean lau urte igaro ondoren, motxilea ezagutzaz, esperientziaz eta ilusioz betea nebalarik unibertsitatea laga eta lan-merkatura abiatu nintzan. Nire lehenengo urteetan, unibertsitatean ikasitakoa gogoan eukiten neban. Horrez gain, unibertsitateko hainbat irakasleen aholkuei jarraituz, hezkuntza-munduan ereduak topatu eta eurengandik ahal izan neban guztia ikasten ahalegindu nintzan, eta eurengandik ikasten jarraitzen dot, gure heziketa etengabekoa da eta. Joan dan ikasturtean, nire lehenengo tutoretzako ikasleek ikastolea amaitu eben. Ikasleen agurrean benetan harro sentidu nintzan euren hezkuntza-ibilbidean nire alea jarri izanagaitik. 

Azkenik, Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola barriro be zoriondu gurako neuke bere 75. Urteurrenean, eta etorkizun oparoa opa deutsat. Ziur nago, etorkizunean be, profesional bikainak atarako dirala.