Irakaskuntza Kooperatiboa
Julen Andaluz
Alumno de educación Primaria en la mención de Educación Física
Betidanik, Gorputz Hezkuntza kirolekin eta errendimenduarekin lotu izan dugu. Gure ikasleesperientzia ere horrelakoa izan da, eta txikitatik ikasgai honetan praktikatutako jarduerak eta jolasak ikuspuntu konpetitibo hori izan dute. Ikuspuntu konpetitibo hori dela eta, Gorputz Hezkuntzako ikasgaiaren kontrako sentimendua nabaria da esperientzia positiborik izan ez duten ikasleengan.
Unibertsitate honetan, etorkizunean Gorputz Hezkuntzako irakasleak izango garenok ikasgai hau beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera daukagu, bereziki, ikuspuntu kooperatibo batetik. Ikuspuntu kooperatibo horren helburua gure etorkizuneko ikasleek guk lortu ez ditugun esperientzia positibo horiek lortzea da. Horretarako, ezagutzen dugun Gorputz Hezkuntza tradizional horretatik aldendu eta metodologia berritzaile honek planteatzen dituen hainbat pausu martxan jarri beharko ditugu.
Hori guztia prestatzeko, ikasgai espezifiko bat daukagu hirugarren mailan. Ikasgai horretan, metodologia berritzaile hau martxan jartzeko beharrezkoak diren pausu guztiak ematen dira, baina, kasu honetan, ikaslearen rolean eta era praktikoan. Behin pausu guztiak emanda, ikasle-rola alde batera uzteko eta saio batez irakasle-rola hartzeko aukera ere planteatzen du ikasgai honek. Irakaslearen rola hartzeko aukerak ikasitako metodologia irakaslearen ikuspuntutik ezagutzeko aukera ematen digu eta hori oso aberasgarria da gure prestakuntzan.
Nire kasuan, unibertsitatera sartu nintzenean, Gorputz Hezkuntza ikuspuntu tradizional batetik landuko genuela uste nuen. Baina aipatutako ikasgai honetan, etorkizunean nire Gorputz Hezkuntzako saioetan ezarri nahiko nukeen metodologia berritzaile hau ikaslearen eta irakaslearen larrutik ezagutzeko aukera izan dut. Beraz, esan bezala, gure prestakuntzan aberasgarriak diren lanak eta praktikak planteatzen ditu ikasgai honek.