Regresar

Ibilbide emankorra hiru alditan

Arkaitz Zarraga
Responsable del Departamento de Sociolingüística y miembro del Dpto. de Glotodidaktika de la UEU
Ex profesor de BAM

BAMen (EUMBAM orduan) lanean noiz hasi nintzen jakiteko, joan den mendearen azkenetara jo behar izan dut oroitzapen bila. Hain zuzen ere, 1999ko otsailaren 25ean hasi nintzen Euskara eta bere didaktika ikasgaian irakasle, niri handi geratzen zitzaidan egiteko eta postuan. Unibertsitateko irakasle nintzela entzute hutsak lotsa eta bertigoa sentiarazten zizkidan. Baina talde jatorra topatu nuen hizkuntzalaritza atalean: Jone, Jaione, Lorea, Agurtzane, Rober eta, nola ez, Bego Ocio! Begok goxotasun eta irmotasun nahaste perfektua zuen. Hizkuntzaren didaktika errotik ulertu eta taldea gidatzeko gaitasuna zuen, baita ikasteko irrikaz zeuden kideak gidatu eta motibatzeko lidergo gaitasuna ere. Ni noraezean zebilen xiba baten moduan sentitzen nintzen, baina jakin-min handia nuen eta talde hartan gazte xelebre kuttun moduan hartu nindutela esango nuke. Haiekin biraldia zentratzen hasi nintzela esan dezaket. Talde eder hartaz gain, beste hainbat kide ezagutu nituen, eta niretzat harrigarriena zena, lehen aldiz izan nituen lankide erdaldunak; euskara jakin ez eta euskaratik urrun zeudenak, gainera. Gaztelaniaz ikasten zuten ikasleak gehienak ziren oraindik orduan. Irakasle haietakoren batekin edo besterekin izan nuen halako talkatxoren bat, odolaren kolorea eta janzkerak tarteko, kokatzen lagundu zidana. Ume-mokoa ez, baina ibili gabea nintzen artean, eta hartatik ere asko ikasi nuela oso argi dut egun. Irakasle haien oroitzapenak ere goxoak dira, benetan. Batzuekin harreman polita sortu nuen gerora.

Ikasleak ere oso gogoan ditut. Batzuk bereziki gogoratzen ditut, baina gehienekiko ikasle-irakasle harremanaren usain goxoa geratu zait orokorrean. Ez nituen nigandik hain urrun sentitzen eta ulertzen nituela sentitzen nuen. Bestalde, haiengan hizkuntzarekiko maitasuna eta ikasteko irrika sortzeko gai izango ote nintzen zalantza nuen, baina hori ezin berehala jakin. Asko topatu ditut gerora bidean, eta gutxi batzuek zerbait utzi niela esan didatenez, pozik emaitzarekin. Baten batzuei, jakina, gaizki esanak barkatzeko eskatu behar diet.

Handik gutxira, urtebetez euskara plangintzetan aritu ostean, berriro izan nuen bertara joateko aukera. 2000. urtea zen! Urte mitikoa mitikorik bada. Eta handik gutxira, irakasle nintzela, aita ere izan nintzen. Aita gaztea gure testuinguru eta garairako, baina aita azken finean. Gogoan dut Paco zuzendariak emandako besarkada estua! Baita beste departamentuetako lankideen zoriontzeak eta adar-jotzeak ere: Musikakoak, Psiko-pedak, Kirolekoak, arte plastikoetako Angeles bera… Baita Matematikakoak ere. Eta, nola ez, Hizkuntzalaritzakoen goxotasuna.

Eta bigarrenari hirugarrena zor zaionez, 2008an berriro ere agertu nintzen Barrainkuatik. Baina orduko hartan hiru urterako geratu nintzen, zer eta Bego Ocioren ordezko izateko! Ohore handiagorik! Bera erretiratu eta ni barrura. Ordurako euskaltegietan ibilia nintzen han irakasten genuen didaktika praktikan jartzen, eta argi nuen glotodidaktika zela nire arloa. Gainera, hizkuntzalaritza departamentuan ere bide oparoa egina zuten aurretik zeudenek. Jone, Jaione, Rober eta Agurtzane Bronckarten eta Ginebrako adituen pare zeuden ia-ia, eta, gainera, maila handiko irakasle berri bi gehiago zeuden bertan: Maider Huarte eta Ane Ortega. Maider nire adin-bueltako gaztea baina ezin prestatuagoa. Aneri buruz… zer esan! Nire irakaslerik handiena eta, gerora, abentura-kide paregabea, konplize eta konfesore ezinbestekoa eta lagun bikaina. Jende berri gehiago ere ezagutu nuen orduan, Alberto atezain Gernikar magnifikoa, Lander Matematikari berria… Jende jatorra eta ona inondik ere. Nola ahaztu diamantedun gosariak!

Azken epe hartan beste irakasle berezi bat heldu zitzaigun departamentura, Ondarruko sortzaile marabillosoa: Mikel Etxaburu. Ezin nuen sinistu taldera zetorrela esan zidatenean. Unibertsitateko lagun mina eta zinez miresten nuena lankide! Banekien Mikelek asko emango zuela, ikasle zein irakasleen artean marka utziko zuela, eta halaxe izan zen. Niri ere asko eman zidan. Kafeak elkarrekin hartzen genituen Manurenean, klasekoak eta kanpokoak partekatu bitartean. Horregatik banekien Mikel ez zela luzerako geratuko gure artean. Argal zegoen, oso argal, eta aurpegia ere artegatuz joan zitzaion azken asteetan. Auto arraroak egoten ziren eskola inguruan eta pertsona arraroagoak berari begira barruan. Egun batean ez zen eskolara etorri eta komunikabideetatik jakin genuen komisaldegira lehenengo eta espetxera eraman zutela ondoren. Alcala Mecoko bisitetan jarraitu genuen klasekoez eta kanpokoez hizketan; baita espetxe barrukoez ere orduan. Ikasle zein irakasle askok ematen zizkidaten goraintziak beretzat eta pozik jasotzen zituen.  

2010ean Boloniako prozesua heldu zen  eta hortxe bukatu zen nire ibilbidea BAMen. Ateak ez zuen zarata polita egin ixtean, baina barruan lagun piloa utzi nituen eta horiek betiko dira. BAMek zerbait eman badit horixe izan da, lagun onak eta oso onak. Hori eta irakaskuntzarekiko maitasuna. Gero eta argiago daukat irakaskuntza dela bidea, eta irakaskuntzan inbertitzen duen herria herri askea izango dela. Eskerrik asko denagatik!

Arkaitz Zarraga Azumendi