Olalla Juaristik, BAMeko irakasleak, doktore-tesia aurkeztu du
Ekainaren 22an Olalla Juaristi BAMeko irakasleak doktore-tesia defendatu zuen Eskoriatzan, MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Bi urteko haurren enkulturazio prozesuarekiko Haur Hezkuntzako maisu-maistren irudikapen sozialak: metodo mistoen bidezko ikerketa izenburuarekin. Bikain cum laude kalifikazioa jaso zuen tesi honetan, Juaristik Haur Hezkuntzako maisu-maistrek haurren enkulturazio prozesuarekiko dituzten irudikapen sozialak aztertzen ditu, eta hobetze-proposamenak egin, haien enkulturazio-eragile rolari dagokionez.
Ikerketa-metodologia mistoan oinarrituta, Bizkaiko 11 maisu-maistra elkarrizketatu ditu, eta horietatik abiatuta, beste 256 maisu-maistrak erantzun duten galdetegia osatu du, bi emaitza-multzoen ondorio integratuetara iritsiz. Ikerketaren emaitzetan oinarrituta, Juaristik dio garrantzitsua dela bi urteko haurren maisu-maistrak beren enkulturazio-eragile rolaz jabetzea eta rol hori hobetzea haurrari ezagutzak, arauak, balioak, jokabide-ereduak, jarrerak edota ohiturak eskuratzen laguntzeko testuinguru sozialerako egokitzapenean.