Maite Garcia Ruiz irakasleak doktore-tesia defendatu zuen Gasteizen
Martxoaren 27an Maite Garcia Ruiz Begoñako Andra Mari (BAM) Unibertsitate Eskolako irakasleak doktore-tesia defendatu zuen Gasteizen, UPV/EHUko Micaela Portilla Ikergunean Testuinguru erdalduneko D ereduko ikastola bateko gurasoen Familia Hizkuntza-Politika eleaniztunak izenburuarekin.
Tesi lanaren eta defentsaren kalifikazioa bikain izan zen, cum laude aipamenarekin eta aparteko saria jasotzeko aukerarekin. Garcia-Ruizek familien erabakiak eta ideologiak aztertu zituen umeen euskara, gaztelania eta ingelesa jabekuntza, garapen eta erabilera prozesuei lotuta.
Ikerketa kualitatiboa den kasu azterketa honetan, Getxoko 19 familiari buruzko datuak jaso zituen 2 eztabaida-talderen eta 14 elkarrizketa indibidualen bitartez. Ikerketaren emaitzetan oinarrituta, Garcia-Ruizek dio garrantzitsua dela euskalgintzan ikerketa kualitatibo gehiago egitea, ikerketa horiek ekintzetara bideratuta egon behar direla eta agente edo eragile ezberdinak aintzat hartu ez ezik, ikuspegi eleaniztuna ere hartzea ezinbestekoa dela gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) egoera soziolinguistikoa aztertzeko.