Irati Álvarez eta Jon Ortuondo BAMeko irakasleek euren doktoretza-tesiak defendatu dituzte
BAM – Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasleak diren Irati Álvarezek eta Jon Ortuondok euren doktoretza-tesiak defendatu zituzten urtarrilaren 22an eta otsailaren 26an, hurrenez hurren. Álvarezek “Dibortzioaren osteko jarduketarako programa: prozesuaren ebaluazioa aliantza terapeutikoaren bidez” izenburua duen saiakera defendatu zuen; eta Ortuondok, berea, hau da, “Hezkuntza Fisikoko Lankidetzako Ikaskuntza. Hezkuntza Fisikoko etorkizuneko irakasleekin egindako jarduketaren ondorioak”.
BAMeko Irati Álvarez irakasleak azterlana egin zuen, Egokitzen – Dibortzioaren osteko talde-jarduketarako programan aliantza terapeutikoak duen zeregina ulertzeko. Lan hori bere “Dibortzioaren osteko jarduketarako programa: prozesuaren ebaluazioa aliantza terapeutikoaren bidez” doktoretza-tesian islatu da, eta hiru azterketa enpiriko ditu.
Lehenengoan, SOFTA-s eskalaren egiturazko baliotasuna aztertu zen. Bigarrenean, emozioen erregulazioak aliantza terapeutikoaren ezarpenean duen eraginaren maila anitzeko azterketa egin zen, pazientearen eta terapeutaren pertzepzioa kontuan hartuta. Azkenik, hirugarrenean, aliantza terapeutikorako prozesuak Egokitzen programaren eraginkortasunean duen eragina aztertu zen, eta, horretarako, gurasoen sintomatologia aztertu eta bitartekaritzarako aldagaitzat hartu zen emozioen erregulazioa.
Álvarezek egindako ikerketaren emaitzak lagungarriak izan dira Egokitzen – Dibortzioaren osteko talde-jarduketarako programako azpiko mekanismoak ulertzeko orduan, eta, aldi berean, horri esker, egiturazko baliotasuna eman zaio aliantza terapeutikoaren ebaluaziorako oso baliotsua den tresnari.
Bestetik, BAMeko Jon Ortuondo irakasleak bere doktoretza-tesia ere defendatu zuen. Joan den otsailaren 26an egin zuen “Hezkuntza Fisikoko Lankidetzako Ikaskuntza. Hezkuntza Fisikoko etorkizuneko irakasleekin egindako jarduketaren ondorioak” izenburupean, EHUko (Gasteiz) Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, eta bikain cum laude lortu zuen.
Egindako ikerlanean, lankidetzako ikaskuntzarako eredu pedagogikoan oinarritutako jarduketak Hezkuntza Fisikoko etorkizuneko irakasleen artean dituen ondorioak aztertu ziren. Horretarako, aztergaiari buruzko literatura zientifikoa berrikusi ostean eta esparru teorikoa egin ondoren, jarduketarako programa diseinatu eta ezarri egin zen Lehen Hezkuntzako Graduko (Hezkuntza Fisikoaren aipamena) “Jokoa eta Kirola” ikasgaian. Programa hori Lankidetzako Ikaskuntzaren Zikloak proposatuta garatu zen. Eredu hori hiru fasetan dago banatuta, eta elkarren segidan sartzen joan ziren, baina modu osagarrian ere bai. Jarduketa lau hilabetean garatu zen, eta 53 ikaslek parte hartu zuten bertan.
Tesian lortutako emaitzen arabera, metodologia aktiboek, lankidetzako ikaskuntzak, esaterako, eragin ona izan dezakete Hezkuntza Fisikoko etorkizuneko irakasleen arlo psikosozialean, eta interesgarria izango litzateke irakasleen prestakuntzarako programetan sustatzea.