In Memoriam: Angel Mari Unzueta, apaltasunaren handitasuna
BAMeko zuzendaritzaren nire arduraldiaren zati luzeenean zehar Angel Mari Unzueta Bilboko Elizbarrutiko Bikario Nagusia zen, eta Gotzainaren eskuordetzearen bitartez Erakundearen Batzordeko presidentea. Urte haiek lan handikoak izan ziren: erakunde txiki baina konplexu eta anitza zen Eskola modernizatu beharra zegoen Goi Hezkuntzako Europar Eremuan integratzeko eta Deustuko Unibertsitatearen atxikimendu-akordioa gauzatzeko. Gainera, zeregin hori esperientziarik gabeko zuzendaritza-talde gazte baten eskuetan zegoen. Angel Marik lehen momentutik argi ikusi zuen zuzendaritza-talde horri ez ezik erakunde guztiari lagun egin behar ziola zeregin horretan. Gogotsu ekin zion zereginari. Egon, entzun, lagundu, babestu… Bere konpromiso irmo horri esker eta Elizbarrutiko Irakasleen Eskolaren izaerari buruz zeukan ikuspegi partekatu horri esker, BAM unibertsitate zentro moderno eta dinamikoa da, hezkuntza arloan eta euskal gizartean aintzatespen eztabaidaezina duena.
Angel Mari hurbileko gidaria zen eta elkarrizketa eta kontrastea oinarri hartuta jarduten zuen; bere hitzetan, “egiten ixten”. Aniztasunak integratuz elkarrekin eraikitzea zen bere ahalegin nagusia, beti hurbiltasunez, alaitasunez eta kidetasunez. Ebanjelioarekiko fideltasun osoarekin, argitasun intelektual miresgarriarekin eta koherentzia hunkigarriarekin, utopia eraikitzeko ilusioa kutsatzen zuen egotearekin bakarrik, eskuragarritasun eskuzabalez, hausnarketa sakonak partekatuz edo bere lanerako gaitasun amaigabea erronka desberdinen zerbitzura jarriz.
Nabarmena den arren, aipatu beharrekoa da Angel Mari oso pertsona ona eta sentikorra zela, apala eta samurra. Egunerokotasunaren hurbiltasuna atsegin zuen eta horregatik hain zuzen ere, pertsonen errealitatearekin etengabeko kontaktua bilatzen zuen. Testuinguru horretan maisuki eta nahieran moldatzen zen. Kaletik topatzen zuen ezagunen batekin hitz egiten, eskolako sarreran ikasleekin futbolaz edo pilotaz hitz egiten… Pertsona guztiak ziren garrantzitsuak berarentzako, bakarka zein taldean eta neurri berean: erabat. Arreta, zintzotasun eta errespetu berarekin jokatzen zuen Lehendakariarekin, kultura diputatuarekin, katekista batekin edo bere lagun baten semearekin…. Bere hurbiltasuna, enpatia eta entzuteko jarrera etengabeak eraldatzaileak ziren. Guztia zen errazagoa Angel Marirekin.
Hain zuzen ere, lagun komun batek duela egun batzuk berari buruz idazten zuen “Hain zen erraza bera maitatzea!” Eta nik horri gehituko nioke: hain zen erraza Angel Mariren maitasuna eta zaintza sentitzea, edo laguntza eta aholkua jasotzea! Eredu eta bidelagun garrantzitsu bat galdu dugu, baina batez ere lagun handi bat joan zaigu.
Agur Angel Mari! Eskerrik asko zure ekarpen eskuzabalagatik, mundu hobea egin duzulako, errukitsuagoa eta Jainkoaren Erreinuaren antzekoagoa. Eskerrik asko pertsona hobeak egin gaituzulako.
Lander Intxausti Arriolabengoa
Zientzien Didaktika Saila
Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibersitate Eskola