Hizkuntza-jarreren gaineko modulua
Aurten, lehen aldiz, hizkuntza-jarrerak aztertu eta haietan eragiteko modulua antolatu da BAMen, Ane Ortega (BAMeko irakasle ohia), Esti Amorrorortu (Deustuko irakaslea) eta Jone Goirigolzarri (Deustuko irakaslea) ikerlarien gidaritzapean, eta Maite Garcia eta Iñigo Arteatx BAMeko irakasleen lankidetzarekin.
Sei saiok osatzen duten modulu hau Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleekin jorratuko da Hezkuntzaren Antropologia eta Historia ikasgaitik abiatuta. Gelako hiru saio teoriko eta talde txikietan egingo diren hiru tailer praktiko tartekatuko dira. Horietan, ikasleek euskararekin egin duten ibilbidean eta hartuko duten norabidean sakonduko da, irailean eta urrian zehar.
Modulu honek euskararen eta euskal kulturaren transmisioa sustatzeko proiektu zabalago baten parte osatzen du; lehen urratsak egiten ari den proiektu bat, baina datozen urteetan indarra hartuko duena, zalantzarik gabe.