Francisco Gómez Rodriguez “Paco”, BAM Irakasle Eskolako langile eta zuzendari ohia joan zaigu, 2024ko martxoaren 25ean.
Gizon barea Paco gurea
Halako izenekin ohikoa denez, gure bizitzaren zati bat berarekin partekatu ahal izan genuenontzat, Francisco Gómez Rodríguez ez zen Francisco, “Paco” baizik. Horrela aurkeztu zen ezagutu nuenean, BAMen lanean hasi nintzenean. Orduan ni gaztea nintzen, bera ez horrenbeste, garai hartan gaurko nire adina izango baitzuen gutxi gorabehera, ia hogeita hamar urte joanak direnean.
Erabat argi ez badago ere, badirudi Frantzisko izenaren laburdura hau, edo hipokoristikoa, San Frantzisko Asiskoarengandik etor litekeela, izan ere hura Pater Comunitatis (Pa-Co) edo Komunitatearen Aita bezala ezagutua izan baitzen. Ez da datu erabat garrantzitsua, baina bi arrazoirengatik bereziki atsegina egiten zait gure Pacorekin erlazionatzean.
Lehenengoa historia da, berak zeharo estimatzen zuen zerbait, historia eta istorioak. Kontaketa transmisio-modu gisa, baita besteengan bizirauteko era bat bezala ere. Ni BAMen sartu nintzenean, Paco Eskolako irakasle beteranoen artean zegoen, irakasleen urrezko garaia eta urte gogorrak bizi izan zituztenak, alegia. Orduan gazteenak ginenoi haren istorioak entzutea gustatzen zitzaigun, eta noizbehin luze samarrak iruditu arren, bere kontatzeko moduak gugan samurtasun-sentsazioa sortzen zuen, orain beti maitasunez gogoratzen dudana.
Ezizenaren bigarren alderdi interesgarria, bere etimologiaren ustezko jatorrian dago, hain zuzen ere, Pater Comunitatis, kontuan izanik bere ibilbide profesionalaren amaiera aldera Pacok Eskolaren zuzendaritza hartu zuela eta beraz, gure komunitatearen aita bilakatu zen nolabait, erretiroa hartu aurretik.
Esan behar dut bere zerbitzu-izpirituagatik hartu zuela kargua, beharrezkoa zen une batean, eta bera zela horretarako pertsonarik egokiena, eta ez anbizio pertsonalagatik, berarengan ez baitzegoen ez arrokeriarik, ez arreta-gune izan nahirik edo eta inolako protagonismo beharrik. Paco apala zen, umila eta, horren ondorioz, inguruan geundenontzat pertsona atsegina, maitakorra eta, halakorik esatea zilegi bazait, maitatua.
Esango nuke Pacorentzat ez zela lan erraza izan BAMeko zuzendaritza hartzea, karguaren ardurak gure Irakasle Eskola den etxe anizkun honen gidaritza eramatea zekarrelako, eta horrek beti sortzen ditu egoera deseroso eta zailak, berarentzat bereziki mingarriak zirenak. Izan ere, Paco pertsona adeitsua zen, atsegina, eta elkarren artean irizkidetasuna bilatzen zuen beti, egoera guztietara lasaitasuna eta giro baketsua ekartzen saiatuz.
Goizegi joan zaigu, eta pixka bat konpondu gabe harrapatu gaitu, agur esateko prest egon gabe. Ezin izango digu istorio gehiago kontatu, baina kontatu zizkigun haiek utzi dizkiguten sentimenduen bidez iraungo du gugan.
Ez dut esango Paco santua zenik, hori ez, baina egia esan, nahiz eta gure artean desadostasunak edo ideia desberdinak izan, atzera begiratzen dudanean, ez dut aurkitzen ni bere bizitzan egon bitartean edo bera nirean igarotzerakoan une garratzik, bortitzik edo desatseginik. Paco burura etortzen zaidanean, ezer baino lehen gogoratzen dut gizon ona izan zela, BAMentzat eta ezagutzeko zortea izan genuen guztiontzat.
Roberto Mielgo.