Etorkizuneko Euskal Hezkuntza-sistemari buruzko ponentzian parte hartu du BAMek
Eusko Legebiltzarrak etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentzian agerraldia egin dute BAMeko zuzendariak eta idazkari akademikoak, Santiago Larrañaga eta Loreto Garcíak, hurrenez hurren.
BAMeko ordezkariak irakasleen hasierako formazioari zegokion ponentziako atalean parte-hartzeko deituta zeuden. Garapen iraunkorrak, gizarte konplexuagoak eta mundu globalizatuak planteatzen dituzten erronken aurrean, iraunkortasunerako hezitzaileak, aniztasunean lan egiteko profesionalak eta ezagutza pedagogiko eta didaktiko sendoak dituzten irakasleen beharra azpimarratu zuten agerraldian. BAMen, “gizartearen eraldaketa eragile” izango diren irakasleak formatzea dela gure helburua gaineratu zuten.
BAMeko ordezkariez gain, Euskal Autonomi Elkartean irakasleen hasierako formazioa eskaintzen duten beste unibertsitateetako ordezkariek ere parte hartu zuten: UPV/EHUko Igor Camino, Beñat Amenabar eta Asier Romero, Deustuko Unibertsitateko Mª Isabel Ariceta eta Mondragon Unibertsitateko Nagore Ipiña.