
Ebaluatzeko ordua
Ikasturtea amaituta, etorkin gazteei gaztelania irakasteko proiektuko partaideek (pastoraleko kide, irakasle eta BAMeko ikasleak) ikasturte honetan BAMen hasitako esperientzia ebaluatu dute.
Ikasturtean zehar 33 gaztek hartu dute parte proiektuan, Cáritasen gazte eta migrazioen inguruko Auzobizi eta Begoñetxe proiektuetatik. Azaroan hasita, gazte hauek astero izan dira BAM unibertsitate-eskolan, gaztelaniazko A2 eta B1 mailetan banatuta. Ikaskuntzak aukera eman die gaitasun linguistikoak hobetzeko, inklusio-prozesuan lagunduz, gaztelania ezagutzea gakoa baita haien etorkizunean.
Irakasle-taldea BAMeko 8 ikaslek eta 2 irakaslek (Ane Ortega eta Roberto Mielgo) osatu dute, ilusio eta gogo handiz bultzatuz proiektua. Zalantzarik gabe, esperientzia honek aukera eman die graduetan ikasitakoa praktikan jartzeko, baina batez ere, aukera eman die migrazioen errealitatera hurbiltzeko, bizikidetzatik abiatuta.