Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolaren 75. urteurrena
Eskolak 75 urte betetzen ditu 1948an Erakunde Teresiarrean bere ibilbidea hasi zuenetik. 1973an Elizbarrutiak bere gain hartu zuen titulartasuna, Unibertsitate Eskola bihurtuz, prestakuntza eta lanbide bat goi mailara igotzeko. Historia honetan zehar, Begoñako Andra Marin Haur eta Lehen Hezkuntzako 10.000 irakasle baino gehiago prestatu dira, ikasketa-plan desberdinekin eta testuinguru eta errealitate historiko desberdinetan.
1983an unibertsitate eskola moduan 10 urte bete zituenean, orduan Gotzain laguntzaile zen Juan Maria Uriartek, unibertsitate eskolaren ikasturte hasierako ekitaldian esandako moduan, gure Eskola “zerbitzu bokazioarekin sortu zen, herriari, kulturari eta hizkuntzari emana”. Eta horretan jardun izan dute hainbat lankidek egunez egun orain duguna eta garena eraikitzen.
Urtemuga eta ospakizun hau aukera bikaina dira Eskolaren ibilbideaz gogoeta egin, egindakoaz ikasi eta etorkizunari gogotsu eta indarberrituta begiratzeko.