Begoñako Andra Mari irakasleen Unibertsitate eskolak atxikipen akordioa berritu du Deustuko Unibertsitatearekin
Bilboko Elizbarrutiak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolak Deustuko unibertsitatearekin duen atxikipen akordioa eguneratu eta berritzeko. Jose Maria Guibertek, Deustuko Unibertsitateko errektoreak, eta Joseba Segura Etxezarragak, Bilboko Elizbarrutiko gotzain administratzaileak, hitzarmena sinatu dute, eta sei ikasturte luzatu dute, 2009-2010 ikasturtean hasitako atxikipena.
Hitzarmen honen bidez, erakunde hauek ematen dituzten ikasketen kalitatearen bermea indartu egingo da bien arteko elkarlanari esker. Aldi berean, Bizkaiko lurraldean dagoen unibertsitate mailako erlijio-eskaintzari bultzada bat emango zaio eta lankidetza mekanismoak ezarri eta berrituko dira programa desberdinen garapenean eta unibertsitateko jarduera akademikoetan.
BAM Irakasle Eskolak Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako gradua ematen ditu, eta Deustuko Unibertsitateak Lehen Hezkuntzako gradua. Erakunde biek lankidetza estua izan dute azken urteetan ikasketa planen diseinu bateratua egiten, nahiz eta bakoitzak bere zentroan eman, erakunde bakoitzaren nortasun eta izaera ezaugarrien eta lehentasunen arabera.
Akordio honek unibertsitate bietako klaustroen arteko lankidetza aurreikusten du, batez ere ikerketa eta irakaskuntza arloan. Hala ere, erakunde bakoitzak erabateko autonomia du ikasketa edukien antolaketan eta irakaskuntzan, bai eta ofizialak ez diren bestelako formazio eskaintza zein berezko tituluen eskaintzan.
Akordio honek bi erakundeen hezkuntza-proiektua eta konpromiso soziala indartzen du, eta Bizkaiko lurraldeko prestakuntza-eskaintza handiagoa eta hobea izatea eragingo du