BAMeko ikasgeletan oroimena eta justizia lantzeko ariketa: biktimak bakearen eta bizikidetzaren hezitzaile eta eraikitzaile
Memoriaren Egunaren testuinguruan, Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolak Euskadiko asmo politikoko indarkeriaren biktimen testigantza hartzen du.
Geletan partekatu dute lekukotza: Jorge Pérez, Roberto Pérezen anaia, 1970ean Eibarren egindako manifestazio batean tirokatu zutena; Nerea Barrios, ETAk 1988ko irailaren 17an hil zuen José Luis Barrios Capetilloren alaba; Abel Uceda, 1982an ETAk hil zuen César Ucedaren semea; MªCarmen Hernández, Jesús María Pedrosaren emaztea, 2000. urtean ETAk Durangon hil zuena. Haien lekukotasunetan gogora ekarri dituzte maite dituzten pertsonak hil ondorengo sufrimendu-urteak, ikaskuntza, bilaketak eta gorrotorik gabeko galera horrekin bizitzeko egin behar izan dituzten prozesuak, eta beren esperientzia partekatzeko konpromisoa, oroimena egiteko eta gertatu zena gogoratzeko, eta bakeari eta bizikidetzari laguntzeko.
Parte hartu duten ikasle eta irakasleek eskerrak eman dizkiete Jorgeri, Nereari, Abeli eta Mª Carmeni haien eskuzabaltasunagatik eta ausardiagatik, oinazearen eta gainditzearen lekukotza partekatzeagatik. Testigantza horrek eragin handia izan du indarkeria deslegitimatzen eta bizitzeko eta giza eskubideetarako eskubidea balioesten laguntzeko.
Jarduera hau, Pastoralaren Alorretik bultzatua izan da eta Antropologia, Gizartea eta Eskola eta Fenomenología del Hecho Religioso irakasgaien curriculumean txertatu da, ADI-ADIAN programaren barruan garatzeko, hiru une desberdinetan: lehenengo unean, BAMeko irakasleek, testuinguru historiko eta etikoa lantzen dute Giza Eskubideen ikuspegitik; bigarren unean, biktima baten testigantza entzuten dute, eta hirugarren unean, testigantzaren oihartzunak biltzen dituzte, maila pertsonalean eta etorkizuneko irakasle gisa esperientzia sakonduz.
Ekimen honek omenaldia egin nahi die biktimei, lekukoei eta bakea eta bizikidetza eraikitzeko ereduei, eta ikasleei lagundu nahi die lanbidean sartzen, sufrimenduarekin enpatizatzen lagunduko duten jarrerak eta balioak har ditzaten, eta ikasgelatik bakerako, demokraziarako eta oroimenezko etorkizuna eraikitzeko hezten lagun dezaten.