BAMek "Etorkizuneko hezkuntza ehuntzen" liburua aurkeztu du, etorkizuneko hezkuntza sistemari buruz hogei egilek baino gehiagok egindako hausnarketak biltzen dituena.
BAMek “Etorkizuneko hezkuntza ehuntzen” liburua aurkeztu du, etorkizuneko hezkuntza sistemari buruz hogei egilek bain gehiagok egindako hausnarketak biltzen dituena.
Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolak “Etorkizuneko hezkuntza ehuntzen” liburua aurkeztu du ekainaren 6an Bilboko Euskararen Etxean, bere 75. urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekintzen barruan. Liburu honek 24 artikulu biltzen ditu guztira, hezkuntza sistemaren bilakaeraz eta etorkizunaz gogoeta egiten duten hainbat egilerenak, hain zuzen ere. Roberto Mielgo, BAMeko irakaslea, eta Kike Amonarriz, soziolinguista eta liburuaren egileetako bat, arduratu dira argitalpen hau aurkezteaz.
Kikek euskararen erabilera eta ezagutzaren inguruan hitz egin zuen aurkezpenean. Liburuaren izenburua goraipatu zuen, hezkuntza arloan sarean lan egitea ezinbestekoa dela adieraziz. Liburuaren gaia etorkizuneko hezkuntza izanik, Kikek hezkuntza eragileek egoeraren ikuspegi partekatua izatea balioetsi zuen. Bere aburuz, gure hezkuntza sistema bidegurutze baten aurkitzen da une honetan; urteetan zehar lorpen garrantzitsuak egin eta oso esperientzia positiboa eta aberatsa izan badugu ere, une hau estrategikoa dela esan zuen, etorkizuneko erronkei aurre egiteko orduan, eta hurrengo urratsak ondo hausnartu behar ditugula azaldu zuen. Kikek esandako moduan, hezkuntza sistema eta gizarte gisa dugun etorkizuna erronkaz beteta dago, eta prozesu horretan ez da erraza jakitea nola egin aurrera; baina aitortu beharra dugu orain arte egindako lana antzeko egoeran dauden beste batzuentzat erreferente dela.
Liburu hau, “Etorkizuneko hezkuntza ehuntzen”, hausnarketa bilduma bat da eta gure hezkuntza sistemaren etorkizunari leiho bat ireki nahi izan dio. Hezkuntza, hizkuntza eta kultura arloetako erreferenteen hausnarketak bildu dira, bai eta gizarte-eragileen, irakasleen eta ikertzaileen ekarpenak ere, beren esperientziatik eta ikuspegitik euskal hezkuntza-sistemaren iragana, oraina eta etorkizuna aztertzeko.
*Etorkizuneko Hezkuntza Ehuntzen liburuaren aurkezpenaren argazkiak ikusteko esteka: https://flic.kr/s/aHBqjBtYPM