Adi-adian programa BAMen. Biktimak hezitzaile eta bakearen eta bizikidetzaren eraikitzaile gisa
Memoriaren eguna eta Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna gertu daudela eta, Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola Euskadiko indarkeriaren biktimen lekukotasuna eta oraintsuko memoria jasotzen ari da.
Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako Lehen eta Haur Hezkuntzako 150 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Adi-adian programan. Programa honen helburua, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren esparruan, ikasgelan elkarrizketa-guneak sortzea da biktimen esperientziatik abiatuta, gure oraintsuko historiara hurbiltzeko, sufrimendua aitortzeko, indarkeriaren deslegitimazio sozialari laguntzeko eta bakea eta bizikidetza eraikitzeko.
Jarduera hau, Pastoral Arlotik bultzatua eta Antropologia, Gizartea eta Eskola irakasgaien curriculumean eta DECAn txertatua, hiru saiotan garatzen da: lehenengoan, BAMeko irakasleekin eta Galo Bilbaorekin batera (Bilboko elizbarrutiko Bake eta Adiskidetze arduraduna) Giza Eskubideen ikuspegitik testuinguru historiko eta etikoa garatzen dute; bigarrenean, biktima baten testigantza entzuten dute; eta hirugarrenean, testigantzaren oihartzunak jasotzen dituzte, esperientzian maila pertsonalean eta etorkizuneko irakasle gisa sakonduz.
Mª Carmen Hernándezek, ETAk 2000ko ekainaren 4an hil zuen Durangoko Jesús María Pedrosa zinegotziaren alargunak, ikasleekin partekatu du bere testigantza. Senarraren jazarpen eta erailketa indarkeria bizi izan zituen urteak, samina eta sufrimendua, eta gizartea bakean eraikitzen laguntzeko egindako ahalegina gogoratu ditu. Bere testigantzan positibotzat jo ditu beste erasotzaile batzuen biktimen senideekin izandako topaketak (Glencree ekimenean parte hartu zuen), “Haien sufrimendu historiak ezagutzeak lagundu egin baitzion estereotipoak uzten, haiekin enpatizatzen eta guztiak min berak elkartzen dituela onartzen”. Mari Carmen Hernandezen ustez, oso garrantzitsua da historia ezagutzea, batez ere bizi izan ez duten gazteentzat, azken hamarkadetan sufritu dena ezagutzeko; eta entzutea ere bai, “Pertsonei etiketarik ez jartzen eta horiekin enpatizatzen laguntzen duelako”.
“Nondik ateratzen dituzu indarrak?” edo “nola utzi alde batera mendekua edo gorrotoa bezalako emozioak?” izan dira harekin izandako solasaldian atera diren galderetako batzuk.
Parte hartu duten ikasle eta irakasleek eskertu egin dute Mª Carmenen eskuzabaltasuna, minaren eta gainditzearen lekukotza partekatzeagatik. Lekukotza horrek eragin pedagogikoa du indarkeriaren deslegitimazioan eta bizitzeko eskubidearen eta giza eskubideen balioan. Are gehiago BAM bezalako unibertsitate batean, non etorkizuneko hezitzaileak izango diren gazteak prestatzen diren. Esperientzia horrek lagundu egingo die haien etorkizuneko lanbidean sufrimenduarekin enpatizatzen eta bakea, memoria eta bizikidetza sustatzen lagunduko duten jarrerak eta balioak bultzatzen.