
BAM Irakasleen Unibertsitate Eskolak 75. urteurreneko ospakizun ekitaldi nagusia egin du Bilboko Silo aretoan
75 urte bete dituela ospatu du BAMek ekainaren 28an erakundeetako ordezkari, agintari, adiskide eta BAM irakasle eskola aldi desberdinetan osatu duten klaustro eta ikasleak lagunduta
Bilboko Olabeaga Kaian dagoen Silo aretoa BAM Irakasle Eskolako kide, lagun eta gizarteko eta erakundeetako ordezkarien topagune bihurtu zan ekainaren 28an, eta bertan batu ziren 100 lagun baino gehiago ospakizun giro ezin hobean.
Jabi Onaindia Bizkaia Irratiko kazetariak egin zituen aurkezpen lanak eta bi ataletan banatu zen ekitaldia. Hasieran agintarien tartea izan zen: eskolako zuzendariak egin zuen ondo etorri ofiziala; ondoren, erakundeko buruak, Joseba Segura Gotzainak hartu zuen hitza, eta Iñigo Urkullu Lehendakariak jarraitu zion, eskolako ikasle ohi moduan; atal honi Bego Pedrosa Hezkuntzako sailburuak eman zion amaiera. Bigarren atalak eskolaren historiaren zertzeladak izan zituen, Lorea Bilbaoren eskutik; Naiara Trifol eskolako ikasleak musika jarri zion ekitaldiari eta Virginia Imaz Ohiulariclownaren umorearekin ondo pasatzeko aukera izan genuen, aldi berean hausnarketa eginez.
Ondoren, jan-edanarekin batera, aspaldiko ikasle-irakasleak elkartu, iraganeko lankideak agurtu, gizarte ordezkariekin solasaldian jardun eta argazkiak atera genituen. Ospakizuna giro atsegin eta alaian amaitu zen.
Ospakizun honetan eskolak urteetan zehar Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzan egindako ibilbidearen gorazarrea egin zen, batez ere hainbat lankidek egunez egun orain duguna eta garena eraikitzen egin duten lana eskertu eta aitortzeko. Ospakizun hau gainera aukera paregabea izan zen ibilbidearen gogoeta egiteaz gain, etorkizunari gogotsu eta indarberrituta begiratzeko. Ekitaldian esan zenez, etorkizuneko erronkak handiak eta ilusionagarriak dira, eta aurrerantzean ere hezkuntzaren sarea ehuntzen jarraitu gura dugu BAMen, ilusioz, profesionaltasunez eta bokazioz.