Back

Ikasgelako aulkitik gartzelara

Ander Gonzalez de la Rua
BAMeko irakaslea Heziketa Fisikoaren didaktikan
BAMeko ikasle ohia

75. urteurrena ospatzen gaude aurten, gure unibertsitateak duen ibilbide luzearen adierazle; nire istorioa askoz ere laburragoa da, baina geletatik kartzela baten patiora eraman nau. 

Duela zortzi urte kikilduta sartu nintzen nire irakasle-ikasketei hasiera emango zien aurkezpen saiora, eta jakin gabe, bertan ikusi nituen ikaskide bezala abiatu baina lau urtetan lagun bihurtuko zirenak (esperientzia politak izan genituen garai hartan klasean… eta klasetik kanpo).

Lau urte horiek igarota graduazio-ekitaldiarekin etapa bat ixten genuen guztiok… baina soilik urte eta erdi geroago, sorpresa heldu zen! Gasteizen CAFyD ikasketak egiten nintzelarik dei bat jaso nuen gure unibertsitatean irakasle modura aritzeko aukera aurkeztuz. Momentu hori ez dut inoiz ahaztuko, bat-batean eta espero gabe heldu zen berriak oso hunkituta utzi ninduen, eta gaur egun esan dezaket nire bizitza hankaz gora jarri duen albisterik positiboena izan dela momentuz.

Une horretatik aurrera, nire irakasle ohiak lankide bihurtu dira, ikasgela orain beste perspektiba batetik ikusten eta disfrutatzen dut, eta etorkizunean maisu eta maistra bikainak izango diren gazteak ezagutu eta haiekin bizipen izugarriak ditut.  

Hala ere, hori guztia nahikoa izango ez balitz, duela bi urte beste aukera paregabe bat agertu zen nire aurrean. Oraingoan, gure unibertsitateak elizbarrutiarekin duen erlazioa dela medio eta Bidesari erakundeak lagunduta, askorik pentsatu gabe ere, Basauriko kartzelaren patioan azaldu ginen ikasle-talde batekin, bertako presoak fisikoki aktibatzeko asmoarekin. Gure helburua lortu genuen, baina egia esan, guztiontzat benetan aberasgarriena izan zena, printzipioz oso desberdinak ziren giza taldeak elkarlanean aritzea ikustea izan zen. Ordutik Aktibatu Zaitez proiektua abian da, eta urtero ikasle berriak sartzen dira haientzat ezezaguna eta askotan beldurgarria den mundu horretara, bertatik ateratzean oroimenean betiko gordeko duten sentimendu berri bat esku artean.      

Begoñako Andra Mari, irakasleen unibertsitate-eskola baino, gure sareetatik pasatzen diren pertsonak istorioz eta emozioz betetzen dituen familia da.