Berriak

Ikasturte  berria  eta  aldaketa  handiak

bam-berriak, Gradu Bikoitzeko Ikasleak, Haur Hezkuntzako ikasleak, Ikasle berriak, Irakasleak, Lehen Hezkuntzako ikasleak

Ikasturte berria eta aldaketa handiak

Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolak 2020-2021 ikasturteari hasiera eman dio bi aldaketa garrantzitsurekin: batetik, egoitza berria, aldi baterako Deriora lekualdatuko baita; eta, bestetik, COVID-19ak eragindako osasun-protokoloak.

Joan den irailaren 14an, ikasturte berriaren hasierarekin, guztira 750 ikasle itzuli ziren zuzeneko klaseetara, 6 hilabete baino gehixeago igaro ondoren, martxoko, apirileko eta maiatzeko konfinamenduaren eta udako oporren ostean. Ikasturte berezi honetan ohiko ekipamenduaz gain, maskarak eta hidrogela ere izango dira geletan, zehaztutako Kontingentzia Plana betetzeko eta jarduera akademikoa segurtasunez garatzen dela bermatzeko.

Ikasturte honetan, gainera, BAM Irakasle Eskolak egoitza berria izango du aldi baterako, eta 1973tik 1993ra Irakasleen Unibertsitate Eskolako egoitza izandako eraikinera itzuliko da, hau da, Derioko seminariora, eta bertan izango da hurrengo bi urteetan, Barrainkuako gaur eguneko kokalekuan egoitza berriaren eraikuntza lanak bukatu arte. Eraikin berriak premia akademikoetara hobeto egokituta dauden instalazioak izango ditu, etorkizuneko erronkei berme guztiekin aurre egin ahal izateko.

BAMeko aldi baterako egoitzan dauden espazio zabalei esker, pertsonen arteko distantziak hobeto gordeko dira, eta ondo egurastutako guneak, edukiera mugatua eta distantziak zaintzea bermatuko da. Alde horretatik, egoitzak hiru solairutan banatutako 4.500 metro koadro ditu guztira. Bertan, 23 ikasgela daude guztira, beharrezko ekipamenduarekin. Era berean, musika, plastika eta gorputz adierazpenaren didaktiketarako ikasgelak ere badaude, baita laborategia, erabilera anitzeko gela, tutoretzako gelak eta ikasketa-gelak ere.

BAMek 325 metro koadroko bi gimnasio ditu jarduera fisikoa egiteko, eta, bertan, aldagelak zein era guztietako kirol-materiala daude. Era berean, didaktikan espezializatutako liburutegia ere badago, eta 30.000 ale baino gehiago daude bertan, baita irakurgelak ere.

BAMeko instalazio berriek behar besteko eskakizunak betetzen dituzte, kalitateko hezkuntza emateko; garraio publikoaren bidez lotune arin bezain iraunkorra eskaintzen du eta, horrez gain, aparkaleku handia eta kirol-arloko zein ostalaritzako beste zerbitzu batzuk ere baditu.

2020-2021 ikasturte berri honetan BAM Irakasle Eskola osatzen duen Hezkuntza komunitatea ilusioz eta gogoz ari da lanean etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko.

BAM #mugarikgabekoeskola