Berriak

Hezkuntza  inklusiboa  eskolan

Gradu Bikoitzeko Ikasleak, Haur Hezkuntzako ikasleak, Ikasle berriak, Ikasle ohiak, Irakasleak, Lehen Hezkuntzako ikasleak

Hezkuntza inklusiboa eskolan

Azaroaren 25ean eta 30ean, BAMeko Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasgeletara joan ziren hezkuntza eta gizarte arloko erakundeetako zenbait lagun, Gizartea eta Eskola irakasgaiaren esparruan. “Hezkuntza inklusiboa” mahai-ingurua antolatu zen Pastoral eta Unibertsitate Hedapenerako Sailaren koordinaziopean, eta, bertan, hezkuntzako esperientziak ezagutu eta entzun ahal izan genituen. Izan ere, gizarte eta hezkuntza inklusiboa proposatzen dute, guztien eta, batez ere, zaurgarrienen premiei erantzuna emateko.

Honako hauexek parte hartu zuten mahai-inguruetan:

  • José Ignacio Martín, Artizar proiektukoa (Sestao), eta Monika Martin, Cáritasekoa. Bizkaiko herri askotan Cáritasek gizarte eta eskola arloko laguntzarako bultzatzen dituen proiektuen esperientzia partekatu zuten biek.
  • Leire Callek, orain dela hamar urte BAMeko aulkietan ikasle moduan eserita egon zenak, ilusioz azaldu zituen hezkuntza inklusiboan izan dituen esperientziak elizbarrutiko Otxarkoaga zentroan, neska-mutil etorkinekin, etnia ijitokoekin eta hezkuntza-premia berezidun ikasleekin ere bai.
  • Marisa Sanchok azaldu egin zuen zer ekimen eta proiektu abian jartzen dituzten Somorrostro Prestakuntza Zentrotik eta neska-mutil zaurgarriei laguntzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen lerroak garatzen dituztela.
  • Inés Domíguezek, Sestaoko Kueto Eskolakoak, 25 urtetik gorako esperientzia azaldu zuen. Eskolak aspaldi egin zuen apustua, auzoko neska-mutilen, zailtasundun familien eta beste etnia eta herrialde batzuetakoen errealitateari erantzuna emateko asmoz. Horretarako, kulturartekotasunaren, elkarbizitzaren eta inklusioaren arloko proposamenak egiten ditu, eskola inklusiboa egia bihurtu dadin.
  • Andrea Castrok Itaka Eskolapioen Ojalá proiektua azaldu zuen. Proiektuak boluntarioen bidez ematen die arreta Bilboko hainbat etorkini: zenbait mailatako espainierako alfabetizazioa, euskararen hastapenak, umeentzako eskola-indargarria eta haurtzaindegia, informatikako prestakuntza, orientaziorako zerbitzua (lege, lan eta bizileku arlokoa), harrera…

Esperientziaren ondorioz, ikasle batzuek proiekturen batean parte hartu nahi dutela adierazi dute.

Guztiontzako eskola lortzerik badagoela egiaztatzen duten esperientziak ikasteko eta etorkizuneko irakasleen prestakuntzan txertatzeko beste modu bat. Izan ere, agerian jartzen dute badagoela justizia, berdintasuna, elkartasuna eta partaidetza ezartzerik, eskola moduan gure xedearen parte diren balioak, alegia.