Berriak

Bilboko  Eleizbarrutiak  egoitza  bakarrean  batuko  ditu  zerbitzu  guztiak

Berriak, Gradu Bikoitzeko Ikasleak, Haur Hezkuntzako ikasleak, Ikasle berriak, Ikasle ohiak, Irakasleak, Lehen Hezkuntzako ikasleak

Bilboko Eleizbarrutiak egoitza bakarrean batuko ditu zerbitzu guztiak

Gaur egun hamabi leku desbardinetan sakabanatuta dagozan pastoral-, gizarte-, karidade-, kultura- eta hezkuntza-zerbitzuak eraikin berean batzea da Bizkaiko Eleizaren xedea eta badaroaz urte batzuk era bateko eta besteko aukerak arakatzen eta aztertzen. Azkenik, ideia hori egia bihurtuko da, Eleizbarrutiak Mutualiagaz eta ‘Murias Grupo’ enpresa eraikitzaileagaz hitzarmen bana sinatu ondoren, eraikin barria jasoko dalako gaur egun Irakasle-eskola unibersitarioa (BAM) dagoan orubean. Honan, Eskolak gaur egun dituan beharrizanei egokitutako ekipamentua izango dau. Gizarte Segurantzagaz lankidetzan jarduten dauan mutuak, bere aldetik, Bizkaiko langileen arretarako ospitalerik handiena izango dau Abandon.

Gaur, gotzainak, goizeko hamarretatik aurrera Begoñan egiten ari dan Abade Kontseiluaren kursoko azken saioan emon deutse barria kontseiluko kideei. Bilboko Eleizbarrutiko abadeen ordezkariez osatutako erakunde aholku-emoile honen %80ak baiezkoa emon eutsan Eleizbarrutiko zerbitzu guztiak gaur egun Irakasle-eskola unibersitarioa dagoan lekuan batzeari.

Abade, erlijioso eta laikoen ordezkariez osatutako Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluak datorren zapatuz, ekainak 1, ospatuko dau pastoral ekiturteko azken saioa. Bertan be emongo dabe lortutako hitzarmenaren barri. Erakunde aholku-emoile honek be gehiengoz (%74) onartu eban, Barrainkuara lekualdatzea, aurkeztutako lau aukeren artean.

Zerbitzu guztiak eraikin berean batzeko erabagiagaz, Bilboko Eleizbarrutiak “bere baliabideak hobeto aprobetxatu” gura ditu, holan “gizarte egintzara fondo gehiago” zuzentzeko, Felix Alonso bikario nagusiak zehaztu dauan lez. Era berean, “erantzun egokia” emongo jake Irakasle-eskola unibersitarioaren beharrizanei, “hezkuntza eskaintza” egokia aurkeztu daian, izan be, oraingo eraikina 1960an jaso zan.

Kultura- eta hezkuntza-gune esanguratsua

Irakasle-eskola unibersitarioagaz (BAM) batera, ondorengo honeek izango dira kokagune barrian: orain Derioko Seminarioan dagoan Bizkaiko Eleizaren Histori Artxiboa; eleizbarrutiko erakundeetako liburutegien fondoak; Icaro dokumentu-interpretazinorako zentroa; eleizbarrutiko irratiak (Bizkaia irratia eta Radio Popular-Herri Irratia); eleizbarrutiko ikastetxeen Añoveros Fundazinoa; Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutua eta, bikario nagusiak azaltzen dauanez, “gaur egun hiru leku desbardinetan, Begoñan, Plaza Barrian eta Santiago plazan dagozan” kuria eta pastoral zerbitzu nagusiak. Pastoral zerbitzu nagusiez gainera, bertan egongo dira, baita be, Labayru Fundazioko etnografia eta euskera sailak, Lagungo Fundazinoa, Jakinbide eleizbarrutiko liburu-denda eta Bilboko eleizbarrutiko Caritasen zerbitzu administratiboak.

Eraikina

Eraikinak, Lersundi kalean erabilera publikoa izango dauan arkupe estalia izango dau eta, barne hartuko ditu lur-arrasaren azpian eleizbarrutiko dokumentu-fondoak eta hirigintza-arautegiak eskatutako aparkalekuak. Mutualiak ‘Murias Grupo’ enpresa eraikitzaileagaz lortu dauan hitzarmenaren eraginez, orubean eraikiko dan eraikinaren zati batean Bizkaiko langileen arretarako ospitalerik handiena kokatuko da.

Informazio gehiago hemen